Martutene
Saizarbitoria guztiak daude Martutenen: dorpezia afektiboak zerrendatu eta emakumezkoen barne gogo ustez zundaezinean arrakastaz murgiltzeko gai dena; euskal gatazka deritzon hori denboran aurrera eta atzera, ezker eskuin eta alderik alde haztatzen dakiena; nazionalismoaz arduratzen dena (“Abaituari ez dio onik egiten euskal nazionalista ez direlako beren buruak, bestelako meritu barik, kosmopolita eta ilustratutzat dituztenak”)... Saizarbitoria guztiak daude Martutenen, saiogilea eta nobelista, eta baita bere obraren autoexegesia egiten duena ere, sotilki eta hirugarrenen bidez, inork ausarkeria eta neke hori hartzerik nahi ez balu bezala. Max Frisch-en lana laudatzeko hitzik gehienek balio dute harentzat ere: “La historia de la literatura cometería un grave error si no le viera como un pensador”.Arreta eta dedikazioa eskatzen ditu Martutenek, egia. Lan luzea da, Saizarbitoria
guztiak dituelako barruan, eta hala ere, hain obra mamitsua mugitzeko behar den
zentrifugazio ahalmenari eusten dio, irakurleari kolpe eta laztan, desolazio eta nostalgia,
ezintasun eta bizinahi printzak txandaka emanez.
Saizarbitoriaren pertsonaia asko zehatzak eta perfekziozaleak dira, berdin
mediku edo idazle –Baroja gogoan “medikuntza utzi eta mundu hobeago baten bila
letretara jo izan duten sendagileen zerrenda” horretakoak balira bezala–.
Hor dago beste Saizarbitoria hori ere: euskal izaera sotilki adierazten duten
xehetasun eta pasadizoen emalea, euskaldunon ustezko bihotz-idorkeria neurritasun
dotorea ote den galdetzen duena, hiriburuen arteko lehia zentzugabeari heltzen diona
(“donostiarren eta bilbotarren arteko ezinikusia Bilbon baino nabarmenagoa dela
Donostian”). Halakoa ei da “euskalduna”: apaingarri alferrikakoak trabagarri zaizkiona,
gela bat uzten zaionean, nahiz eta erabili ez, ohea deseginda uzten duena, ez dezaten
esan esker txarrekoa dela... Robert Frosten The Road Not Taken poema ekartzen digu
akordura euskararen balizko abantailez mintzo denean: euskarak “poetarentzat
bereziki «gurbidide bakan ibiliaren» ahalerak” dauzkalakoan. Euskara hizkuntza bat
baino gehiago da, itxaropen bat, Bretxako merkatuan “baserritarrengandik tratu hobea”
lortzeko esperantza xaloa. “Solaserako euskara erabiltzeak solaskideen arteko
atxikimendu konpartitu baten existentzia agerian jartzen” duela baiesten du, “elkarrekin
hitz egiten ez duten bi herritar atzerrian aurkitzen direnean bezala”. Zailtasuna ere bada
hizkuntza, Beckett eta Conrad ekartzen ditu gogora, haien hautu borondatezko bezain
behartua. Baina euskaraz bakarrik ez, beste hizkuntzez ere arduratzen da (“...con unas
patatitas, ajitos y cebollitas tiernas. Odolak irakiten jartzen dizkio Abaituari sukaldariek
eta zerbitzariek hartu duten txikigarriak erabiltzeko kasketa horrek”).
Saizarbitoriaren pertsonaiak hemen bizi dira, baina hara nahi lukete: badago
arnas premia bat, ihes nahi bat, paisaje arrotzak etxean txertatu nahi bat, mundu
arruntaren –eta literatura arruntaren– kideko izateko desio asegabe bat (“[Donostiako]
Geltokia handiagoa izatea, Austerlitz edo Victoria Station bezala, eta jende masa handi
baten artean galdua ibili nahi luke, baina dagoena dago. Ez hogeiren bat pertsona
atartean, eta kioskoa itxita”). Badaki horrekin guztiarekin gozatzen eta umorea egiten,
ordea (“Kubatarren sentsualitatea errunbaren erritmoan ez dela deus pil-pil bat egiteko
kazola leunki astintzen duen emakume euskaldun baten mugimenduarekin parekatuz”).
Hau guztiau, azken orrialdeetan abaila hartu eta Julio Medemik inspiratuenak
ere patuaz diharduenean lortuko ez lukeen amaiera batekin josia.