Alfabeto bat boxeorako

24 de Mayo 2018

Duela sei urte, post-it bat itsatsi zuen bere ordenagailuan idazketarekin borrokan segitzeak gehiago merezi ez zuela bere buruari gogorarazi eta idazten segitzeko tentazioari eusteko. Brahms entzun eta historia liburuak irakurtzen ei zituen geroztik. Aurreko berrogeita hamar urteetan, ordea, dena eman zion literaturari: “Nire burua defendatzeko, alfabeto bat eman zidaten pistolaren ordez”. 

Animalia literariorik izan bada AEBetan, Roth izan da hura. Orain, umezurtz geratu gara. I Married a Communist (1998) zoragarrian, literatura ñabardurak sortzeko makina zela defendatu zuen, politikarekin zeukan talka ezin hobeto azalduz: “Politika da orokortzailerik handiena. Literatura da ñabarduragile handiena. (...) Politikarien begietara, literatura dekadentea da, biguna, alferrikakoa, aspergarria, egoskorra, gatzgabea, zentzurik ez daukan zerbait; egiaz, existitu beharko ez lukeena. Zergatik? Literaturak ñabardurarekin duen setagatik. Nola izango zara, bada, artista, eta ñabardurari uko egin? Nola izango zara, bestalde, politikari, eta ñabardura onartu?”.

Roth izan zitekeen kaustikoa eta pesimista (“gezurra derrigorrezkoa da, egia komunikatzea ezinezkoa delako”), baina umorea zuen beti erredentore. Judutartasunaren etiketari uko egin arren (“ni estatubatuarra naiz”), inork baino modu zorrotz, argi eta kritikoagoan deskribatu zituen bere arbasoak. Bere izen bereko idazle bat Israelen suplantatzaile lanetan dabilkion Operation Shylock (1993)eleberrian, adibidez, “judutar tipikoa” osatzeko koktelaren osagaiak ematen ditu:  “Esperientziaren fruitua den ezkortasunaren jabe. Berbati seduktorea. Adimenaren goresle. Gorrotoa. Gezurra. Mesfidantza. Zentzu praktikoa. Egiatia izatea. Inteligentzia. Malizia. Komedia. Edozer jasateko gaitasuna. Teatroa. Zauria. Mina”.

Oro har idazle errealista izan arren, bazekien desbideratzen ere. The Breast (1972) nobela kafkiar laburrean, esate baterako, metamorfosi bitxia jasaten du protagonistak: gizaseme bat emakumezko baten bular bilakatzen da. Bere irudimenak faxismoa Etxe Zurian agintzen jarri zuen, Donald Trump hautatu baino dozena bat urte lehenago, The Plot Against America (2004) liburuan.

Ezaguna da Ian McEwani hau idazle hasiberria zen garaian eman zion aholkua: “Idatzi zeure gurasoak hilik baleude bezala”. Ez zen, jakina, gurasoei buruz soilik ari; lagun, maitale, gertu ditugun pertsonen zirkuluaz ari zen, idazketaren langintzan sartzeko eskrupulu guztiak albo batera utzi beharraz. Gizonezko heterosexualaren grina haragikoien deskribapenaz arte ederretako bat egin zuen Rothek, Portnoy´s Complaint (1969) laudatuan, kasu, baina ia liburu guztietan azaltzen du nola garamatzan sarri giza bulkaden sukarrak modu bizizale edo/eta patetikoan jokatzera. Askotan idatzi zuen autobiografiatik tiraka, fikzioa lausotuz, nahiz eta oso garbi zeukan bien arteko aldea: “nobela bat idatzi duena arrazoi estetikoengatik epaitzen dugu. Autobiografia bat idazten duena, aldiz, moralaren ikuspuntutik, bere motibazio nagusia ez delako estetikoa, etikoa baizik”.

Behiala liburu batekin boxeoan ikasi zuen gizonak ingurukoen gaixotasunarekin eta bere endekapenarekin borrokatzen ikasi zuen. Azken nobelatan, orrialde andana eskaini zion zahartzaroari. “Modu kementsuan bizi izanak zeure zahartzaroari buruz zerbait erakutsiko dizula uste baduzu, erabat oker zaude. (...) Zahartzen den gizakia partitu egiten da eta basoan sartu. (...) «Basoko gizakia», bizitzako azken aroa da. Pentsatu bere autobiografiaren morrontzatik aparte, mendi magalean dagoen agurea erakusten duten margo txinatar horietan. Adoretsu aritu zen bizitzarekin lehian, eta orain, sosegaturik, heriotzarekin ari da nor baino nor”. Austeritatearekiko erakarmena onartzea omen da gizakiak ikasi behar duen azken lezioa.

Ezkutatu da Roth. Hogeigarren mendea, Ipar-poloko izotzak bezala, badoa urtzen eta urruntzen. Batzuetan, puska handi bat askatzen da eta barrena inarrosten digu.