Ponte en tu tarta

26 de Noviembre 2016

Moyua plazako armarri frankistari arranoa kendu-ez-kendu eztabaida ez da berria. Behin kentzen hasita, jakina, erauzketa nork ordaindu behar duen ebaztea izaten da kontua,  eta kasu honetan Espainiako Gobernuaren aurrekontuen barruan sartu behar ei dira lanak (ironikoa litzateke Espainiako Ogasun Agentziaren egoitza izanik euskal erakundeak arduratu behar izatea harrapakariaz, egia esan). Kultura Ministerioko teknikarien txostena aipatzen duen albistea irakurrita, armarri bat kentzeaz baino, laparoskopia bidez tumore bat erasotzeaz ari garela lirudike: “ikurraren zati batzuk kentzea iruditu zaie aukera egingarri bakarra. Ziur ez dauden arren, uste dute elkarri lotutako zatiek osatzen dutela eskultura. Hala, armarriaren inguruan dagoen San Joanen arranoa kenduko dute: goiko aldetik burua, alboetatik atzaparrak, eta behetik buztana. Koroa ere kenduko diote, ez delako errege koroa; baita frankismoaren goiburu izandako Una, grande, libre idazkia ere. Esan dute ez dela izango arriskutsua; bai, ordea, zaila”. Arranopola. Operazioen teatroan sartzeak baditu bere konplikazioak, esan du sendagileak, eta familiak kezkatuta egoteko arrazoiak dauzka.

Dudarik gabe, geure iraganeko bidegabekeriak salatzeko modua da kale izendegia aldatu, armarriak erretiratu eta Frankismoari gorazarre egiteko sortu ziren eskulturak  geure kaleetatik kentzea, baina ez ote da batzuetan harri-muttur bat uztea mesedegarri? Noiz da armarri bat oroitarazle eta noiz laidogarri? Agian ez litzateke guztiz kaltegarria hiriko teilatuetan arrano baten harrizko mehatxuari eustea, baldin horrek aitona-bilobak semaforo parean geratu eta, han goiko armarria seinalatuta, belaunaldi batek besteari “istoriotxo” bat kontatzea ahalmenduko balu. Zalantzak sortzen dizkit, egia esan. Hiriko ikonografia kontu hauek modu eraginkorrean ebazteko, deialdi irekia egin beharko litzaieke beharbada artistei, haien interbentzioen bidez sinboloak berrirakurtzeko. Ohikoan ikusi gabe begiratzen duguna hobeto ulertu eta inguratzen gaituen hiri-paisajearekiko kontzienteago bihur gaitezen. Nola irakurri gure gertuko historia hiriko geruza ezberdinetan inor iraindua sentitu gabe? Arkitektuen lana adina da hori sortzaile eta intelektualena, nik uste. Berlinen alderrai ibili den edonork ezagutzen ditu bertako kaleetan dauden Stolpersteine edo estropezu-harriak. Gunter Demnig artistak sortu zituen harlauza hauek, espaloietan zehar nonahi barreiatuak, eta inguruko harlauzak baino apur bat altuagoak direnak, halako moldez non ibiltariak ez baitu estropezu egin eta behera begiratu beste aukerarik izango. Hala jabetuko da, inskripzio bat duela harriak, leku horretan naziek bahitu eta deportatutako norbaiten izen-deiturekin: “Ez joan hain azkar, hemen zerbait gertatu zen. Geratu eta pentsatu”, gaztigatzen digute harriek.

  Artisten parte-hartzeak ez du, ordea, arrakasta ziurtatzen. Bartzelonako Born auzoan ikusgai den Franco, Victòria, República, impunitat i espai urbà erakusketaren harira, udal biltegian zeukaten zaldizko Franco jeneralaren estatua jarri dute kalean, jendeari zer pentsa eman asmoz. Kontua da estatuak ez zuela bururik, eta hausnarketarako gonbita zena ez dela ongiegi ulertua izan. Interakzioa izan bazen erakusketaren sortzaileek  nahi zutena, lortu dute zerbait: panpina puzgarri bat, txerri buru bat eta rouge gorriz ezpainak margotuta zeuzkan diktadorearen bustoa agertu dira, hurrenez hurren, zaldunaren gabezia osatzera, herritarren iniziatibaz. Azkenean, norbaitek estatua lurrera bota eta zaramaren kamioiak erretiratu behar izan du, laparoskopia handirik gabe. “Ziurrenik ez dugu estatua hauek erakustearen asmoa zein zen ongi azaldu”, adierazi du Gerardo Pisarello alkateordeak. CUP alderdiak, bere aldetik, estatuak lurrean jarrai dezan eskatu du, “hiriak Francorekin elkarrekintzan jarrai dezan”.

  Lerro hauek idazten ditudan bitartean, Putinek Kremlin ondoan Vladimir printze kristauari eskainitako hamasei  metroko estatua inauguratu berri duela irakurri dut, UNESCOren aholkuen kontra. Putin kristautasunari gorazarre egiten? Ez, zehazki: ukrainarrak zirikatu nahi lituzke  zenbaiten ustez, Vladimirrek sortu zuenez gero lehen estatu errusiarra Kieven. Beste batzuen ustez berriz, Vladimir Putinek bere buruari egindako beste omenaldi egomaniako bat baino ez da, izenkide direnez printzea eta bera.

  Eztei ospakizunetarako  merenge opiletan ezkonberrien panpinatxo pertsonalizatuak ipintzen zituen Madrilgo gozotegi batekin akordatu naiz. Honela zioen iragarkiak: “¡Ponte en tu tarta!”.

Territorios gehigarrian