Adio, kazetari, adio!

09 de Octubre 2015

“Internet, mundu elektronikoak dakarren bolada pasakor horietako bat da, merkatuaren indarrek lehenago edo beranduago bere testuinguru egokian kokatuko dutena. Bitartean, bere defendatzaile sutsuekiko, garai batean esperanto hizkuntzaren zaleekiko eta irrati-afizionatuekiko izan genuen ulerkortasun eta tolerantzia maila berbera izan beharko dugu. Harro desfilatuko du eszenatokian Internetek ordubetez, baina gero, bigarren mailako komunikabideen artean merezi duen lekua hartuko du”. Egun The Guardianen ari den Simon Jenkins kazetariarenak dira hitz hauek, The Times egunkarian argitaratuak, 1997. urtean, Internetek paperezko egunkariak, komunikabideak eta gure bizitzak erabat irentsi aurretik. Ezin esan Nostradamus Saria jasotzeko moduko berbak izan zirenik Jenkinsenak. Denborak ematen duen talaiatik erraza da haren pronostikoa gutxiestea, baina, egiari zor, telefonoak haritik askatu eta patrikaratu zituztenei ere egiten genien hasieran iseka... Zer esanik ez, telefonoak argazki kamerez hornitu zituzten lehenbizikoei. Annalena McAfeek The Spoiler eleberria zabaltzeko erabili zuen Jenkinsen aipua (Anagramak 2012an argitaratua ¡La exclusiva! izenburuarekin), kazetaritzari azken urteotan eskaini zaizkion requiem askotarik bat idatzi zuenean. Oso aipatua izan ez zen arren, merezi duen nobela da McAfeerena, emakumezko gerra erreportari eskarmentudun baten eta labekada berriko kazetari anbiziotsuaren arteko talkan oinarritzen dena.

  Umberto Eco ere balizko egunkari baten inguruko istorio batekin etorri zaigu berriki Número Cero eleberrian (Lumen, 2015). Nobela labur honetan, kazetaritzaren inguruko eztabaida eternalei buruzko zirto politak topatzen ditugu. “Nork sortzen ditu, izan ere, joerak?”, galdetzen du kazetari gazteak. Esperientziadunaren erantzuna: “Jendeak hasieran ez daki zein joera daukan, gero guk esaten diogu, eta orduan jendea jabetu egiten da joera bat daukala”.   Baikorregia izango naiz beharbada, baina beti uste izan dut poeta baten eta kazetari baten artean ez dagoela alde handirik: kazetari on bat, entrega epe estua duen poeta bat da. Alderantziz ere esan daiteke: poeta, eguneroko epemuga latzaren morrontzatik aske legokeen kazetari bat baino ez litzateke. Eperik gabe idazten duen kazetaria, alegia. Erritmoak besterik ez lituzke bereiziko, beraz, kazetari on bat eta poeta on bat.

  Azkar lan egiteak xehetasunei behar adina arreta ez jartzea ekar lezake, eta ez da kasualitatea, duela zenbait urte, Tom Rachmanek Los imperfeccionistas (Plata, 2010) izenburu ironikoa jarri izana egunkari baten gorabeherak aletzen zituen kronika fikzionatu ederrari. Bertako kazetari, azeri zahar, bidali berezi, zuzendari eta egunkariaren jabe diren enpresariek, urrun dute perfekzioa, baina pertsonaia sorta erabat sinesgarria osatzen dute prentsa idatziak azken urteotan jasan duen garapena eta gainbehera ulertu ahal izateko. Umberto Ecoren liburuko protagonistek ere badakite zerbait egunkarietan idaztearen inperfekzionismoari buruz: “jende detallista, paranoiaren hastapenetan dagoen jendea da”. Alegia, paranoikoa bazara edo hartarako joera baduzu, hobe duzula idazle izan, kazetari baino. John Darnton izan zen berripaper bateko erredakzioaren inguruan ardaztutako nobela beltza idatzi zuen beste bat: Asesinato en blanco y negro (Planeta, 2011). Bertan ere –kasualitatez edo ez– aipatzen da paranoia, baina bere alde baikorrari so: “paranoia baino okerragoa da pronoia; alegia, denak gure alde ari direla sinestea”. Darntonen aburuz, “Historiek luze izaten jarraitzen dute: irakurleak dira gero eta motzagoak direnak. (...)  Lastoa eta bihia bereizten jarraitzen dugu, gero lastoa publikatzeko”.

  Gauzak erdizka eta gutxi gorabehera egitea, horixe da denon tentazioa. Nola kazetariarena edo idazlearena, hala beste edozein ogibiderena. Eta Célinek aspaldi esan zuen zerbait gutxi gorabera egin dugula onartzea, frakasoa modu goxo batean mozorrotzea baino ez dela, geure burua engainatzeko era bat, denok eta beti esku eskura dugun kontsolamendu tentagarria. “Erdipurdikeria hori gainditzeko ez da nahikoa ohiko buruargitasuna; indar gartsuagoa behar da, sarkorra, sentimentala, zeloek ematen dutenaren antzekoa”, dio Célinek.

  Eta nago, Internetekin denok gorputz neuronal bakar eta interkonektatua osatu dugun arren, ez dugula perfekziorantz gehiegi aurreratu. 

Territorios gehigarrian