Txirrindularien tribua

29 de Octubre 2011

Lantzean behin txirrindulari bat hiltzen da bide bazterrean eta ahoa betetzen zaigu errepidearen epikari buruz hizketan, J.A. Bardem zaharraren Muerte de un ciclista filma gogoan. Uda etortzen denean Fernando Fernán Gómezen Las bicicletas son para el verano berritzen dugu urtero, izenburua filma bezain ona duen Espainiako Errepublika garaiko loraldi laburraren isla malenkoniatsua den antzezlana, gero egileak berak film bilakatuko zuena. Eta nola ahaztu, Verano azul telesaileko sintonia txistukaria, belaunaldi oso baten eguzkipeko aisialdia pozkidaz markatu zuena. Harrigarria ere bada bike-movie gehiago ez izatea, tarteka belgiarrak eta frantsesak saiatu saiatzen diren arren (Le vélo de Ghislain Lambert, kasu), esan liteke egin gabe dagoela txirrindularitzari buruzko film “definitiboa”. Zineman bakarrik ez, literaturan ere fruitu oparoak eman ditu txirrindularitzak; urrunago joan gabe, Ander Izagirreren Plomo en los bolsillos, Julen Gabiriaren Han goitik itsasoa ikusten da (Fausto Coppiren bidoia!) edota Juan Luis Zabalaren Sakoneta bildumako ipuin gogoangarri hura, txirrindulari batek helmugara iritsi aurretik intsumisoarena jo eta buelta erdia hartzen zuenekoa, batzuk baino ez aipatzearren. 

Bizikleta zen garai bateko haurraren autoa: estatusa ematen zuen, galtza luzeak eta galtza motzak janzteko garaiak bereizten, karrerista edo menditarren arteko hautua markatzen.  Txirrindulari izateak –txirrindulari zibilez ari naiz hemen, banpiroen bisitarik sekula jaso ez dugunoi buruz– hainbat baldintza eta ezaugarri dakartza berarekin, nortasun amankomun bat ezartzen dutenak. Horien artean, txirrindulariak azkar asko ikasten duen lezioa da, lehenago edo beranduago, norbait pasako zaiola ondotik ziztu bizian, eta zentzugabea dela martxa azkartu eta hari segitzen saiatzea. Gainditua izatea zer den modu goiztiarrean ikasten du txirrindulariak. Ez da jaso daitekeen irakaspenetan txarrena: norbere abiadurari eutsi behar zaiola, besteenarekin larregi kezkatu gabe. Esan lezake norbaitek auto gidariak ere berdin-berdin jasotzen duela lezio hau, baina ibilgailua zeure zangoen indarraz eraman edo ez, badago aldea. Txirrindulari gaindituaren sentipena askoz ere fisikoagoa da, argi eta garbi ikusten duzulako gainditu zaituena, izan hura ume mokoa edo jubilatu tentea, bizitza honetan eskaileran gora zein behera, bietara begiratu beharraz ohartarazten zaituena. 

Autobus artikulatu baten atze-ispiluak adarkatua izatekoaz gain, hirian bizikletan ibiltzeak baditu beste arrisku batzuk ere. Lehena, jendearen begietara tribu bateko kide bihurtzea. Izengabe bihurtzen zaituzte berehala, eta daramazun makinaren leinuak gain hartzen dio zure indibidualitateari: jada ez zara inor, “Estos de las bicis” taldeko bat baizik. Basoak zuhaitza ikustea galarazten duen era berean, bizikletak txirrindularia ikustea ere galarazten du. Alta, bigarren desabantaila eta nabariena, edozein oinezkok automatikoki zu iraintzeko eskubidea duela uste izatea da. Ez dago derrigor ziztuan oinezkoentzat arrisku bizia sortuz haien larrua jokoan jarri beharrik, ez horratik: txirrindulariari aurpegi txarra jartzea, hura hamar metro baino urrunago dagoenean gertatzen da askotan, espantu prebentiboa: oinezkoa keinu nabarmenak egiten hasten da –adi, bereziki, bastoidunekin–, eta txirrindularia inondik inora haren bidera ez zihoan arren, oinezkoa bera jartzen da bere buruaren giza-ezkutu gisa, kolisioa bilatzeko ahalegin guztiak eginez eta bizikletaduna zirku-akrobaziak egitera behartuz.  Ikusitakoez ari naiz: tribu tolerantea da txirrindulariena. Ez dut sekula txirrindulari bat oinezkoaren edo auto-gidariaren irainari erantzuten ikusi, eta hain gutxi, patinatzaile, korrikalari, Sansonite eramaile –ulertzekoa da: badakigu bidegorrian leunago doazela maletaren gurpilak–, haur-sehaska eta bestelako mila hiritarrekin bidegorria konpartitu beharraz kexu agertzen ere. Eskuzabalak gara, baina, non zeundeten bidegorri sarea eskatzen zutenak lau katu freaky ziren garaian?

Ez dugu propio aipatu hasieran Vittorio de Sicaren Bizikleta lapurra, film tristeegia aukeran udarako. Azpi-mafia bat ba omen da bizikleten merkatu beltza kontrolatzen duena: Euskal Herrian lapurtutako bizikletak Landetan saltzen ei dituzte eta alderantziz… Mafia-ziklista horri, eskaera bakarra: ez da noblea batere, lapurtzeko hainbeste banku eskura izanda, bizikletak ostutzen dituena.

Gaiztagin izatekotan, izan zaitezte ausartago: hobe duzue droga trafikante. Hiri moderno eta jasangarrienetan, ziklistak omen dira dealerak.